XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hogei urte besterik ez nik, eta hain prestu ikusten ninduen berak, bere lankide izateko aukera eman zidala.

Ni parekotzat hartzea atsegin zuen eta horren frogarik ere eman zidan.

Essai sur les cultes phrygiens, aitaren izenpean argitaratua, nik idatzia zen; berak apenas zuzendua.

Sekulako laudorioak jaso zituen, lan hori zela eta.

Harro zegoen.

Ni berriz, faltsukeriaren arrakastak txundituta.

Nolanahi ere, abiapuntu izan zen niretzat.

Jakintsurik jakitunenek kidetzat hartzen ninduten.

Barregarri gertatzen zaizkit orain garai hartan jasotako ohoreak...

Eta horrela hogeitabost urte kunplitzera iritxi nintzen, liburuez eta hondakin historikoez at ezer gutxi ikusita, bizitzari buruz tutik ere ikasi gabe; lanean gartsuki saiatzen nintzen.

Banituen lagunak (zeuok barne) baina maiteago nuen adiskidantza adiskideak baino; beroa zen haienganako nire grina, baina jatortasunaren atzetik batipat; neure baitango sentipen nobleak ferekatzen nituen.

Horregatik ez balitz, bost axola niri lagunak eta ni nerau ere.

Ez zitzaidan inoiz ere bururatu beste nolabaiteko existentziarik izan nezakeenik, edota beste nolabait bizi zitekeenik.

Aita eta biok arrunki bizi ginen; hain eskasak ziren gure gastuak, ezen hogeitabost urte kunplitu arte ez bainuen erreparatu aberatsak ginela.

Bizitzeko lain bagenuelakoan, diruari ez nion kasu handirik egiten; eta aitarekin hartutako ekonomi ohitura xumeek gero, askoz ere gehiagorako bageneukala jakitean, txarto sentiarazi ninduten.

Aita hil ondoren ere, oinordeko bakarra neu izaki, ez nintzen nire fortunaren zenbatekoaz ohartu, hain bizi ginen gauza hauetatik urrun; ezkontze kontratura arte ez nintzen horretaz jabetu, Marcelinek ezer gutxi zekarrela jakin nuelarik bidenabar.

Beste zerbaiten ere ezjakinean nengoen, askoz inportanteago bigarren hau, hots, osasun guztiz ahulekoa nintzela.

Eta nolatan jakingo nuen bada, egiaztatzeko betarik gabe?

Noizbehinkako katarroak nola-hala zaintzen nituen.

Nere bizimodu berdin, lasaiak indargetu eta aldi berean babestu egiten ninduen.

Marcelinek, aldiz, osasuntsu zirudien, -eta laster jakingo genuen ni baino sendoagoa zela.